Bedia auzorik auzo

 
Mugartatza auzoa handia da, baina barruan auzune asko ditu ondo bereiztuta, bakotxak bere nortasuna daukala. Plazatik Galdakaorantza goazela, kanposanturantza sartuko gara auzo honetan aurrera egiteko. Kanposantu hori da herriko jenterik zaharrenak be ezagutu dauena herritarrak lurperatzeko, nahiz eta plazan kanposantu zaharra egon. Lehenago gorpua andariek eroaten eben etxetik hasita oinez, bide osoan eleizako kanpaiak joten ziran bitartean. Izan be, eleizako kanpantorretik kanposantuko eskilarak ikusten dira, eta halantxe jakiten eben monagilloek gorpua noiz heldu dan.

Kanposantutik gora San Lorentzoko ermitara helduko gara. Auzokoen esanean, bertako gazte batzuk Lemoan santua osotuta ekarri eta halantxe egin ei zan ermitea. Jai handia egiten zan lehen sanlorentzoetan. Alde batetik, bazkari eta guzti joan eta ermita aurrean egoan harestian erromeria-eguna igaro. Beste alde batetik, Errementeri esaten jakon lautadan, asto-probak, karrozak, dantzaldiak… egiten ziran. Hondino be abuztuaren 10ean ospatzen da santuaren eguna, mezea eta barauskarriagaz. Auzoek hartzen dabe ermitea jagon eta garbitzeko ardurea, urtean batek maiordomo egiten dauela (??).

Ermitatik behera dagoz Mugartatza eta Mugartatzabekoa baserriak. Eta gaur egun osteko pabiloiek hartzen daben lurrean, lehen serradurea iturria egoten zan, etxeotako familien eta animalien ur-preminea hornitzen ebana.

Auzoan beste auzune batzuk topauko doguz: Txorroaga, Belusti, Telleri, Ondategi, Orpategi. Etxe-izenak ezeze, familia-izenak be badira danok; hau da, bertakoei halan esaten jaken. Baten batek Orpategi edo Ondategikoa zala esan ezkero, jakina zan ze etxetakoa eta ze familiakoa zan.

Auzuneok labrantza-lekuak izan dira, solo, ortu eta solo ugarikoak, etxekoen zein ganadu eta animalien preminak hasetzeko bestekoak. Gaur egun bedarra da nagusi, etxe batzuetan hondino animalia batzuk hazi arren.

Gatozan Errementeri edo Tejerea esaten jakon ingurura. Hor daukagu beste auzune bat, zerbitzuak batzen izan dituana. Erdian Tejerea egoten zan, ladriluak egiteko fabrikea, tximinia handi bategaz. Behar egiteari itxi eta gero be, luzaroan egon zan bertan, tunel eta zuloz beterik.

XX. mendean, aldi berean hainbat denda egoten ziran bertan: Eusebirena, Juanen karnizeria, Juanitaren dendea, Juanilloren tabernea ikatza saltzen ebana, Arandia taberna-dendea… 70eko hamarkadatik aurrera hasi zan gitxi gorabehera merkataritza ugaritzen, Bilbora joatea normaltzen, Usansolon zerbitzuak eta etxeak hazten…

Kanterea be egon zan gaur egun pabiloiak dagozan lekuan, Etxeluzeren aurrez aurre. Eta iturriak hainbat: Errekatxu, Gorrinekoa, eta abar.

Gaur egun errepidearen alde biak tailer, lantegi eta pabiloiz beterik dagoz, auzoari eta herriari beste itxura bat emonaz. Baina bideetatik apur bat barrura egitea nahikoa da lehenagokoaren usaina barruntau eta orduko bizimodua irudikatu ahal izateko.

Multimedia