Bedia auzorik auzo

 
Plazatik Lemoarantza joanda, Ibarra auzoak emoten deutso azkena herriari. Auzo hau be, herri osoaren moduan, kaminoaren alde bietara ebagita dagoz gaur egun. Baserri, ortu eta soloek sortzen dabe bertako paisaia, baina beste zerbitzu batzuk be egon izan dira inguru horretan azkeneko mendeari erreparatzen badeutsagu.

Ibarrako muina baserri eta pisu-etxe batzuk osotzen dabe, gaur egun bizileku baino ez diranak. Baina XX. mendean zehar errementeria egoten zan, Errerua zan hango jaubea, eta Erreruenak haren familiakoak, belaunaldi baten baino gehiagotan. Taberna pare bat eta dendak be egon izan dira, auzoari zerbitzua emoteko. Herriko lehenengo telefonoa, zentralitea, Errerearen tabernan egon zan.

Auzoan barrurantza goazela, Bediakoleara helduko gara. Hor Bediako azpiegiturarik handienak aurkituko ditugu, palazioa eta olea izandako zentrala. Palazioa eraikin handi eder bat da, barroko estilokoa, XVIII. mendearen lehenengo erdian eraikia. Bedia izeneko familiak, Tosubandoko torrekoak, gerora Gortazar abizena hartu eban. Tosubandotik Bilbora joan ziran biziten, baina barriro Bediara jo eben Bediakoleako jauregia egin ebenean. Juan Eduardo Delmas (1820-1892) Berrizko historialariak Guía histórica descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya liburuan idatzita itxi eban familia hori dala Tosubandoko jatorrikoa: “La familia Gortázar, descendiente de Tosubando, reside temporalmente en esta anteiglesia (Bedia), y su primogénito don Manuel Gortázar ha edificado entre el río y el Camino Real, una lindísima quinta con bellos jardines, en los que crecen multitud de árboles y arbustos y las flores más delicadas”.

Bediakoleak presa ederra dauka ondoan, bere garaian barritzailea izan zana, sendoa eta harlanduz egina osoan. Herrian hondino be ‘zentrala’ esaten jako, ola izan ostean argi-indarra egiteko azpiegituratzat egokitu zalako.

Zubia dago orain Barroeta eta Erosora joateko, baina XX. mendean jenteak txanela erabilten eban errekearen alde batetik bestera joateko. Errekea, ganera, erropak garbitzeko, ganaduari edaten emoteko, personen garbi-ikuzirako eta gazteen entretenigarrirako izaten zan. Elexalde inguruko umeak danak joaten ziran errekara garbitzen, plaiara, Etxatxu deritxon etxearen ondoan errekeak egiten eban geldiunera, harea eta guzti egoan antza ta.

Gerora, orduan ohitura zan moduan auzolanean, Ubegin atondu eben labaderoa, bai erropak garbitzeko bai ganaduari edaten emoteko. Horretarako auzoak astean-astean alkartzen ziran bidea eta labaderoa bera konpontzeko. Dana dala, hori ezagutu eben andrek ez daukie ahaztuta zelako pisua hartzen eban erropeak garbitu ostean, busti-bustita, etxera buru ganean eroateko.

Industrializazinoak, ostera, errekara lohia botatzea ekarri eban eta halan hondatu ziran gure inguruko urak. Urte askoan industriaren eraginak kalte handia ekarri dau gure erreketara. Gaur egun, barriro be arrainak ikusten dira eta bazterrak garbiago dagoz.

Multimedia