Bedia auzorik auzo

 
Bedia hiru arrakala handik zeharkatzen dabe luzetara: errepideak, trenbideak eta errekeak. Errekearen alde batera dagoz herriko gune nagusia eta auzo gehienak, baina bestekaldean auzo garrantzitsuak dagoz, Eroso-Ugarte tartean dala.

Eroso goialdeari esaten jako, gaur egun ermitea dagoan inguruari, eta Ugarte beheko aldeari, han dagoz Ugartezarra eta Ugartebarri etxeak, eta auzo-eskolak.

Auzo honetan Santo Tomas ermitea dago, baina ez da beti hor egon, Santotomasalde esaten jakon parajean egon zan lehen, izenak erakusten dauen moduan; gerora ekarri zan gaur ezagutzen dogun lekura. Santua be Santo Tomas izan da luzaroan, baina joan dan mendearen azken laurenean ospakizuna aldatu egin zan, neguan barik jaiak udan egin ahal izateko, eta harrezkero San Roke ospatzen da abuztuaren 16an. Ermita honetan astero-astero egon da mezea ia XX. mende amaierara arte, eta baita urtean zeharreko beste eleizkizun batzuk be, kasurako Maiatzeko lorak. Hiletak, ezkontzak eta holangoak parrokian egiten ziran, baina bestela autonomia handia euki dau auzoak.

Beste horrenbeste esan daiteke eskolari buruz; izan be, XX. mende hasieran Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia osora eroan eban hezkuntza, ume guztiak eskolatzea helburu hartuta. Horretarako, auzo apartekoetan eskolak eregi eta auzootako umeak bertaratzeko ahalegin itzela egin eben. Auzo-eskolen sare horretakoa dogu Ugartekoa be. Agirian dauka egiturea, eta baita goiko izendapena be. Gerra aurrean eskola horreetan euskeraz irakasten zan, ingurua euskalduna zanean. Eroso, Ugarte, Ereño eta Asteitzako umeak hara joaten ziran, eta ez bakarrik gerra aurrean, gerra ostean eskola nazional modura egokitu eta jardunean jarraitu eban 70eko hamarkadan ikastetxeak batzeko eta programa barriak ezarri arte.

Ugarten Herriko etxea egoten zan, eta ondoan beste taberna bat. Horrez ganera, tabernan hainbat gauza erosteko dendea egoten zan, eta atzean bolalekua. Gizartea batzeko ingurua zan, eleizearen eta eskolearen inguruan dana.

Eroson eta Ugarten aldea-etxe ederrak aurkituko doguz, batzuk batuago, alkarren ondoan; beste batzuk solteago, urrintxuago. Baserri motarik ohikoena da behean ganaduentzat eta animalientzat lekua daukana, ganean familiaren bizilekua eta goian kamarea. Baserri mota honek animaliak kortan hazteko garaia etorrita egoala adierazten dau. Izan be, aurrekoagoa da animaliak kanpoan haztea.

Eraikin eder asko badago be, bi nabarmenduko doguz. Tosubandoko torretxea alde batetik, Nafarroako erregearen oinordekoena, banderizoen gerretan zeresan handia eukitako familiena. Arkitektura aldetik hondino be baditu orduko ezaugarri batzuk, arkua eta leihoak kasurako, nahiz eta gerora baserri moduan erabili danez, oso aldatuta dagoan jatorriko egituratik.

Beste aldetik Artabene baserriari erreparauko deutsagu. Inguruan geratzen diran baserrietatik zaharrenetakoa ei da. Agirian daukaz egurrezko zutabeak, aurrekaldea be egurrez osatua. Eta barruan behekosua lehen sutearen erdian egoten zan lekuan dago hondino be. XVI. mendean moldaketa handia egin eutsien, kanpoko eskilerea eta atzeko gehigarria besteak beste. Baina hondino be zahar kutsua dario alde guztietatik.

Multimedia