Bedia auzorik auzo

 
Ereño Bediako plazatik urruntxu dago, mendian, Mandoiarako bidean. Gaur egun leku zoragarria da, agirikoa, erosoa, gaurko bizimoduak eskatzen dituan erraztasun guztiak eskura dituana. Baina beti ez da holan izan.

Aspaldiko baserriek erakusten dabe auzune honetan bizimodua egon dala. Kontuan hartuta lehengo familiak ugariak zirala, auzunean bertan hainbat lagun bizi ziran.

Zerbitzuak Bedian eta Usansolon hornidu izan dabez. Eskolea eta eleizea Bedian, erosketak Usansolon… Baina mendi-bideak erabiltea normala izan da Ereñon, etxe gehienetan behiak eta ardiak egoten zirala jakinda, landetara eta basora jotea normala izan da. Horregaitik, mendiaz bestaldeko Zeberiogaz, kasurako, hartu-emon handia egon da. Halan erakusten dabe ezkontza askok.

Ereñon San Martin ospatzen da azaroaren 11an. Ermitea dago bertan. Dana dala, ermitea lehenago beste leku baten egoan, Elexalde esaten jakon parajean, eta gerora egin zan orain ezagutzen dogun lekuan.

Ermitearen ondoan bolalekua dago. Hori ohikoa izan da hainbat auzotan, bolotan egiten orduak egin izan dabez gizonek gure inguruetan. Izan be, beste entretenigarririk apenas egoten zan. Andrak etxeren baten alkartzea normala zan, karta-jokoan edo etxeko beharrak egiten: lanea, puntuginan, artoak garanduten…

Ereñon bertan baserri honeek dagoz: Jondobena, Etxebarri, Antonena (Antonenekoa), Sindonena (Sanjuanena), Portxinena (Portitxenekoa), Garaio (Garaikoa), Bekoko; eta inguruetan Zeata, Ereñobeiti eta Lexarreta. Horreetatik batzuk jausita dagoz, edo egondako lekuan barria eginda.

Etxeok Arratian zabalen dabilen eredukoak dira: behean ganaduarentzako kortea daukie, goian famialiarentzako bizilekua, eta ganean kamarea. Personen sarbidea kanpotik egiten da, eskaileraren bitartez. Behin barruan, erdiko espazioa zabalik eta libre dago, eta gelak alboetara banatzen dira erdiko sala horren. Kamarara joateko barrutik dago pasoa.

Baserriek eurek hornidu izan dabez baserrikoen preminak. Ortua, soloa, ganadua, ardiak, ahuntzak, astoa. Normalena izan da etxe bakotxean danerik eukitea, familia osoak behar egitea etxerako eta horregaz etxekoak biziteko lain izatea.

Gorantza goazela iturria topauko dogu, leku ederra ur-trago freskoa hartu eta bidean aurrera egiteko. Ura izan da Zeata azpian bainuetxea egiteko errazoia be. XX. mendeko gerrara arte, bainuetxea egon da Lekuebasoko uratsagaz horniduta. Inguruetatik hainbat lagun joaten ei zan ganera, ura ona zalakoan. Erromeriak, bola-jokoa… egiten ziran bertan.

Auzoaren inguruan jenteak ondo ezagutzen ditu karobiak be, non egon diran eta zuloak non ikusten diran. Karea egitea izan da lekuotako azkeneko jarduerea, baina gehienetan, karobiak dagozan lekuetan burdina berotzeko haizeolea egon izan dalako teoria indarrean dago. Jarduera ekonomikoa aldatu bada be, azpiegitura bera erabili izan da garaian garaiko lanak egiteko.

Multimedia