Bedia auzorik auzo

 
Plazatik Usansolorantza goazela Bidekoetxe eta Asteitza auzoak topauko doguz. Gaur egun kaminoak erdibituta badagoz be, alde bietan etxe ederrak aurkituko doguz: Igalo, Bengoetxea… Aldea-etxe dotore eta sendoak dira, abere asko eta lur-sail handiak erabilten dabezanak. Holako etxeetan ganadua, oiloak, konejuak, txarriak, astoak, ardiak, ahuntzak… hazi izan dabez, bai etxerako, baita saltzeko be.

Baserriko bizimodua, dana dala, asko aldatu da. Animaliak eta ortuariak lantzen dabezanak, gaur egun horretatik bizi gura izan ezkero, beste neurri batzuetara ekarri behar dabez ekoizpenak. Baina familiakoak beste era bateko lanetara joan ahala, baserriak bizileku bihurtu dira, eta soloak landa.

Bidekoetxen XX. mendean zehar dendak eta tabernak egon izan dira, plazaren luzapen antzera. Izena bera be Bediakoetxe berbearen aldaera dala pentsau daiteke. Lehenago normala izaten zan tabernan etxerako jeneroak saltzea (jatekoak, jaztekoak, solorakoak…), edo dendan ardauak hartzea.

Gerora, enpresak eta tailerrak eraiki ahala (Incoesa, Malibi…), auzoon itxurea aldatzen joan da, gaur egunekora heldu arte.

Lehenago Arratiako tranbia hortik joaten zan; Txokolateria, Kerexeta, Bidekoetxe, Asteitza, Astui igaro eta Usansolotik zehar Bilborantza egiten eban. Gaur egun oinezkoen bidea geratu da haren oroigarritzat.

Bedia herria N-240 errepideak zeharkatzen dau luzetara, Bilbo eta Gasteiz lotzen dituan errepideak. Horrek trafiko itzela dakar, kamioiak batez be, Barazarrerantza doazenak edo handik datozenak. Izan be, industriak hartu dauz errepide-albo guztiak, industria-guneak, pabiloiak, enpresak eta abarrakaz josita dagoz. XX. mendearen bigarren erdiko industrializazinoak aldaketa handia ekarri dau Bedian eta Arratian, eta kamino inguruak hartu dau eraginik handiena.

Asteitzan Palazioa nabarmendu behar da, XVIII. mende erdialdean eraikia Bizkaiko palazio barrokoen estiloan. Lauki zuzeneko planta dauka eta pisutan banatuta ezagutzen da.
Asteitzatik zubia dago errekea igaro eta Erosora joateko. Zubi hori XX. mendearen erdialdean egindakoa da, oinezkoentzat, baina berez beste helburu bategaz: Zaukutzatik etorren ura eroateko auzoetara. Ordura arte auzoon arteko loturea errekatik egiten zan. Txanela egoten zan Astui inguruan eta haxe erabilten zan errekaren alde batetik bestera igaroteko.

Errekea bizi-iturri izan da: hara joaten ziran etxekoandrak erropak garbitzen; umeak uger egiten eta olgetan; gazteak entreteniduten. Gaztetxuok ondo jakiten eben ura non egoan sakonago, non uger egin ikasi arte, non sartu uger egiten hobeto jakin orduan. Baina industriaren eraginak errekako ura galdu egin eban. Lehenagoko arrainak, landareak eta uger-lekuak guztiz galdu ziran ur lohiak eta kutsadurak eraginda. Azken urteotan barriro hasi dira errekak jagoten eta honezkero ikusten dira arrainak be uretara hurreratu ezkero.

Multimedia