Albisteak

 

Emakumeen Nazioarteko Egun honetan, 2016ko martxoaren 8an, Bediako Udaleko ordezkariak helburu hauen inguruan elkartu dira:

Gogoratzea demokrazia ezin eraiki daitekeela emakumerik gabe, eta, horrenbestez, beharrezkoak diren neurriak hartu behar direla, maila guztietan-tokikoa, eskualdekoa, estatukoa eta Europakoa-, emakumeek eta gizonek parte hartze berdina izan dezaten erabakiak hartzeko prozesuetan. Esan beharra dago aurten, Arratian, martxan jarriko direla, besteak beste, Emakumeentzako Jabekuntza Eskola eta Gizonentzako Gunea, berdintasuna lortzeko tresnak.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gure balioen eta europar gizarteen oinarrizko elementua dela bermatu dezatela eskatzea estatuetako gobernuei eta Europako instituzioei; beraz, elementu horrek agenda politikoaren erdigunean egon behar du, eta politika eta lege garrantzitsu guztietan txertatu behar da.

Emakumeek XXI. mendean pairatzen jarraitzen duten indarkeria salatzea: bizitza pribatuan zein publikoan emakumeen aurka zuzentzen den indarkeria forma guztiei aurre egin behar zaie eta ezabatu egin behar dira.

Genero-indarkeria prebenitzeko eta horren biktimak babesteko eta laguntzeko politika eta lege bateratuak sortu ditzatela eskatzea estatuetako gobernuei eta EBko instituzioei.

 Kontuan  hartzea  gerra  eta jazarpenetik ihes eginda gure herri edo eskualdera iristen diren errefuxiatuen artean dauden emakume eta haurren behar espezifikoak; beharrezko harrera eta arreta ziurtatzea, eta era guztietako indarkeria eta diskriminazioa eragoztea.

Aipatutako guztia kontuan izanda, Bediako Udalak honako konpromisoa hartu du:

Berdintasunaren aldeko konpromiso formalarekin jarraitzea. Horretarako, CCRE-CEMRk 2006an plazaratu eta dagoeneko l. 500 hiri eta eskualdek baino gehiagok sinatu duten Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna Lortzeko Europako Gutuna sinatzea aztertzen hasteko prozesua martxan jartzea.

Amaitzeko, Arratiako herritarrei Martxoaren Saren inguruan Arratiako Udalen, Emakume elkarteen eta talde feministen Sareak antolatutako ekintzetan parte hartzeko gonbitea egin gura diegu.