Albisteak

 

Joan dan eguaztenean, Bernardo Atxaga idazleak 'Nevadako egunak' bere azken liburua aurkeztu eban Bediako Udal Liburutegian, Irakurle Kluba ekimenaren barruan. Bertan, 30 personak baino gehiagok hartu eben parte.

Atxagak bertaratutakoei azaldu eutsien zelan landu eban aitatutako obrea, ze arrazoigaitik sortu ebazan personaietako batzuk, zeintzuk diran euren arteko loturak, eta narrazinoaren erritmoari eusteko eukiten diran arazo teknikoak. Hori guztiori, Renon egin eban egonaldiaren gaineko eretxiakaz batera; izan be, oinarri horren gainean "eregi" dau bere azken lana, 'Nevadako egunak' (Pamiela argitaletxea). Liburua basamortuak blaitutako ikuspegi kaleidoskopikoa da, "barrualdeko personaiak" daukazana protagonista lez. Topaketak bi ordu baino gehiago iraun eban, eta, gero, egileak liburuak sinatu ebazan.

Bere aurreko nobelea, 'Zazpi etxe Frantzian', Kongo kolonialeko esplotazinoaren infernuan kokatu ostean, Atxaga eszenatokiz aldatu da 'Nevadako egunak' lanean, eta Nevada (AEB) Estadura joan da; izan be, han, irakasle lez egin eban lan 2007ko abuztutik 2008ko bagilera. Sasoi hartako oroitzapenen gainean, 'Obabakoak' liburuaren egileak 250 piezatik gora prestatu ebazan, tartean "apunteak, artikuluak eta iragarkiak"; horreetatik, 150 piezak bere galbahe personala igaro eben, eta horrexek osotzen dabe 'Nevadako egunak' lanaren 450 orrialdetik gorako testuaren mamina.

Irakurle Klubaren hurrengo saioa martiaren 26an izango da, 19:00etan. Oraingo honetan, konbidautako idazlea Garbiñe Ubeda da, eta 'Hobe isilik' deitutako bere liburuaren gainean egingo dau berba.