Albisteak

 

Bediako Udalak Construcciones Lasuen enpresari esleitu deutsaz Lekubaso errekearen gaineko zubia barritzeko lanak, Bediako Eroso-Ugarte auzoak Usansologaz (Galdakao) muga egiten dauan puntuan. Inguru horretatik oinezko asko ibilten dira, baina, lanek irauten daben bitartean, ezin izango dira pasau bertatik. 

Proiektuaren helburua da euriek eta Lekubaso errekearen ur-goraldiak kaltetutako zubia konpontzea, bai eta Galdakaotik Garabi lez ezagutzen dan ingurura joateko bideari eusten deutsan harri-hormea be.

Lanak gaur hasi dira, eta hilabete eta erdi iraungo dabe. Aitatutako zubia barriztu egingo da; izan be, gaur egungoa baino handiagoa izango dan hormigoizko marko aurrefabrikatua eregiko da. Era berean, behera etorri dan horma bat be eregiko da barriro; hain zuzen be, harri-lubetea egingo da zati baten. Gainera, Garabi auzorako bide-tartea zolatu egingo da, zubiaren eta harri-lubetearen arteko tartean.

Proiektua 88.532 euroan esleitu da, hasierako lizitazino prezioa baino 10.000 gitxiagoan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzea dauka.

Ibilgailuen zirkulazinoan eraginik eukiko ez badau be, datozen sei asteetan oinezkoak ezin izango dira pasau Usansolo, Bedia eta Lemoako persona askok erabilten daben Ibaizabal errekearen ondoko pasealeku honetatik.

Bediako Udalak parkamena eskatzen deutsue lan honek herriko bizilagunei zein herritik kanpokoei eragingo deutsuezan eragozpenengaitik; dana dala, adierazo gura deutsue zaharbarritze eta hobekuntza lan honeek derrigorrean egin behar dirala eta guztion onerako izango dirala