Noticias

 
Don Marcelinok Bediako eskolea martxan ipini ebanean etorri zinan zu hona, ezta?
Bai, ni Ortuellan jaio nintzan 1930ean eta bost urtegaz etorri nintzan Bediara, aitak eskola arrokialaren ardurea hartu ebanean.

Aitaren ikaslea izan zara orduan.
Bai, bere eskolara joaten nintzan, beste askoren moduan. 12 urtegaz Salesianoetara joan nintzan ikasten, eta handik aurrera Bilbon ikasi neban, perito egin arte.

Umetako Bediari buruz zer gogoratzen dozu?
Plazan olgetan genduan txirikilan, habiak harrapetan be joaten ginan eta errekara uger egiten. Plazan arbolak egozan eta, hareekaz porteria eginda, futbolean egiten genduan. Eta udaletxearen alboan bolalekua egoan, jentea berotu egiten zan jokoan. Umetan, aitak mutiko batzuei txistua joten eta
ezpatadantza erakutsita, Somorrostron egin genduan dantzan. Gerra aurrean zan, eta ni txikiena nintzan. Besteakaz ez naz ondo akordetan, baina Martin Lekue Martin Gorri eta Jose Mintegi Kotete txistulari ziran.

Organoa joten dozu orain be eleizan. Hori be aitagaz ikasi dozu?
Lehenengo pausoak bai, aitagaz etxean egin nebazan pianoa joten. Baina 8 urtegaz hasita Galdakaora joaten nintzan tranbian, Maximo Morenogaz ikasten, 12 urtera arte. Gero ikasi dodana neure kontura egin dot, autodidakta naz. Ni peritoa naz eta industria munduan ibili naz, hau zaletasuna baino ez da.

Eta korua zuzentzen?
Nire ume eta gazte-denporan koru ederra geunkan Bedian mezan kantetako. 17 urtegaz neuk egiten neban zuzendari. Abots onak egozan, batzuk sano onak. Gero, ostera, koru askogaz ibili naz baina
inoiz be ez zuzentzen. Bueno, azkeneko urteetan hemen, Bedian, sanjuanetarako zeozer prestau orduan edo. Osterantzean koruei laguntzen bai, askori lagundu deutsiet organoan: Ikasama, Plen -
tzia, Zornotza…

Baina asko estimetan zaitue, Bediako parrokiak be omenaldia egin eutsun 2005ean, ezta?
Hori ez zan behar, aitak bai, baina nik ez dot ezer egin herrian. Nik gustetan jatalako egiten dot  egiten dodana, horrek ez dauka meriturik.